Indarkeria matxistek mundu osoko milioika emakumeren eta neskatoren gorputzak eta bizitzak zeharkatzen dituzte, beraien garapena eta bakean bizitzeko zein beren eskubideez erabat baliatzeko aukera eragotziz.

Nagusi den eredu kapitalista neoliberalak baliabide naturalak gero eta gehiago izatea eskatzen du, eta, horretarako, baliabide horiek dituzten lurraldeetan bizi diren pertsonak eta herriak bortxatzen ditu. Emakume askok zuzentzen dituzte interes ekonomiko eta politiko horien aurkako borrokak, eta horregatik mehatxatu zein eraili egiten dituzte.
Indarkeria horiek ikusarazten eta salatzen dituzten, haien zigorgabetasunaren aurka borrokatzen duten eta emakume horiek babesten dituzten eta haien osotasunaren, ongizatearen eta segurtasunaren alde lan egiten duten ekimenak eta erakundeak bultzatzen ditugu.

Sistema heteropatriarkalak isolatuta mantentzeko, ahulak direla sinestarazteko eta mendekotasuna betikotzeko estrategia gisa, lehiakortasunean hezten ditu emakumeak.

Emakumeen arteko topaketa eta hartu-emana sustatzen dugu, bidegabekerien aurrean bakarrik ez daudela uler dezaten; aitzitik, asko dira antzeko diskriminazioak jasaten dituzten emakumeak. Genero-ekitaterako bideak eraikitzeko topaketa hauetan sortzen diren sororitatea eta sareak haien ahalduntze indibidual eta kolektiboan laguntzen dute.

Gaur egun nagusi den kontsumo frenetikoaren erritmoak izugarri narriatzen ditu gure bizitzei eusten dieten elementu naturalak: ura, airea, lurra eta biodibertsitatea. Egunetik egunera elikagai kaltegarriagoak kontsumitzen ditugu, biztanle gehiagok kutsatutako airea arnasten dute edota kalitatezko ur-eskasia pairatzen dute. Gero eta espezie gehiago desagertzen dira eta klima-aldaketaren inpaktu handiagoari aurre egin behar diogu. Horrek ondorio larriak eragiten ditu osasunean.
Gainera, eredu kapitalista heteropatriarkal horrek emakumeen osasun integraleko gaixotasun espezifikoak eragiten ditu, ikusezin bihurtzen ditu eta horiek ez ditu aintzat hartzen.

Bizitza erdigunean jartzen duten kontsumo arduratsuko, tokiko eta jasangarriko ekimenak babesten ditugu.Bereziki, emakumeek sustatzen dituztenak edo osasunean dituzten inpaktu bereiziak ikusarazten eta jorratzen dituztenak.

Mundu osoan baliabide guztietara heltzeko banaketa oso desberdina da, eta, emakumeen kasuan egoera hau areagotu egiten da. Gainera, eredu heteropatriarkal kapitalistaren esparruan, emakumeen ekarpenari balioa gutxitu eta ikusezin bilakatzen da, horrek emakumezko erreferenteen gabezia orokorra eraginez.
Emakumeen ezagutzak, begiradak eta hainbat eremutan errealitateak ulertzeko moduak balioesten dituzten ekintzailetzak bultzatzen ditugu. Emakumeak buru diren eta bizitza jasangarriak izateko baliabideak zein beraien autonomian laguntzen dieten prozesuak dira.